ARAIAKO UMORE ANTZERKI JAIALDIA 1994. urtean Porpol Antzerki Taldeak eta Araiako Umore Antzerki Jaialdia sortu zuen, eta antolaketari dagokionez, Araiako Antzerki Taldeak bultzatu du jaialdia. Gainera Arabako Foru Aldundiaren eta, batez ere, Asparrenako Udalaren laguntza irmoa izan du. Ondoren beste entitate pribatu eta publiko batzuk agertu ziren laguntzaileen zerrendan, batzutan laguntza ekonomikoa emateko eta, beste batzutan azpiegiturak lagatzeko.
Garai horretatik aurtengo ediziora arte, XXIII. edizioa alegia, Jaialdian hainbat antzezpen egin izan dira, bai kalean, bai barruan, haurrentzat eta helduentzat, euskaraz, gazteleraz edo keinuaren hizkuntza unibertsalaren bitartez, euskal produkzioak eta estatuaren gainontzeko produkzioak eta nazioartekoak… Jaialdia hazi egin da kualitatiboki eta kuantitatiboki, nahita egokitutako zenbait faktore bateratzeari esker.
Honako hauek dira faktore nagusiak: etengabe asmo handiko antzezpen-eskaintza bilatzen dugu, orekatuta eta kalitate handikoa hain zuzen, betiere beharrezko arrisku-apurrarekin proposamen berritzaileenak eta jendetza handia biltzen dituen beste proposamen batzuk bateratuz; eta antolatzaile-talde osoaren profesionaltasunaren eta berotasunaren arteko nahasmen zehatza bilatzen dugu. Antolatzaile-talde horretan herriko zein kanpoko pertsonak parte hartzen dute eta, beren ahaleginei esker, Jaialdia udako aisia-eskaintzaren hitzordu saihestezin eta ezinbesteko bihurtu da.
Abuztuaren 15ak inguruan egiten dugu jaialdia eta lau edo bost egun irauten du. Nahiz eta kaleko antzerki eskaintza bizia eta interesgarria izan, Jaialdiaren erdigunea “Arrazpi berri” kiroldegian egiten dugun programazioa da.
Zenbait konpainia garrantzitsuk toki horretan aurkeztu dituzte beren ikuskizunak eta harrituta gelditu dira gertaera berezi hori hurbiletik ezagutu dutenean, ikuskizunak egiten diren lekuarengatik, antolatzeko gaitasunarengatik eta Euskal Herriko edozein lekutik datozen pertsonen erantzun bikainarengatik eta, nola ez, Araiatik bertatik datozenen erantzunagatik.


